Laneratze bilakatu zen online elkarrizketa

Laneratze bilakatu zen online elkarrizketa

Aukerak bilatuz, langileak aurkituz

Incorpora erakunde guztiek bezala, Arabako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordeak (SIDÁLAVA) errutinak egokitu ditu, alarma egoeran dauden enpresen eta erabiltzaileen behar eta eskaera berriei aurre egin ahal izateko. Horretarako, haiekin harremanetan jarri dira, zalantzei ahalik eta lasterren erantzun ahal izateko eta guztientzat berria den egoera honen aurrean aurkitu dituzten arazoak konpontzeko. “Nork esango zigun gauetik goizera bizitza hainbeste aldatuko zitzaigula eta egoera guztietara egokitzeko gai izango ginela”, adierazi du Raquel Vitero SIDÁLAVAko laneratze-teknikariak, eta hau gehitu du: “Laneratze-teknikari gisa, premia berriak hauteman ditugu artatzen ditugun enpresetan eta pertsonetan, eta horren arabera jokatu dugu”.

“Enpresa gehienek esan digute etapa gogorra izaten ari dela, baina, ahalegin handia eginda aurrera doazela eta arintzearen hurrengo faseetarako prestatzen ari direla”, adierazi du teknikariak. Gizartearen ikuspegitik arduratsuak direnenpresei laguntza emateko, “La Caixa”-ren laneratze-programako profesionalek baliabide telematikoak erabili dituzte etxetik euren lanarekin jarraitzeko: “Alde batera utzi genuen aurrez aurreko jarduera, deietan, mezu elektronikoetan eta bideokonferentzietan zentratzeko”, esan dute.

Hain zuzen ere, kontaktu horietako batean lan-aukera bat sortu zen: “Enpresa batek birjartze-lanetan eta bezeroari arreta ematen esperientzia zuten pertsonak behar zituztela jakinarazi zigun”, adierazi du Raquelek, eta gaineratu du: “Gainera, esan zigutenez, egungo lan-karga dela-eta, ezin zioten prestakuntzari denbora asko eskaini, eta, beraz, motibazio handiko pertsonak, lan egiteko interesa dutenak eta arduratsuak, behar zituzten”.

Incorpora Metodoaren eraginkortasunari eta arintasunari esker, SIDÁLAVAko profesionalek berehala aurkitu zuten supermerkatu-kateak eskatutako profilarekin bat zetorren pertsona. “Reincorpora programa parte hartu izandakoa zen, supermerkatuetan arreta emateko prestakuntza zuen, eta, gainera, 2018an programan parte hartzen hasi zenetik, bizitza normalizatura itzultzeko egindako ekintza guztietan oso emaitza ona izan du”, azaldu du Gotzon Ruiz de Apodaca euskal erakundeko Reincorpora teknikariak.

Gainera, Reincorpora teknikariak azpimarratu duenez, zeharkako gaitasunetan proaktibitate handia erakustea ere Incorporako hautagaiaren aldeko puntua izan zen. “Beti erakutsi zuen hobetzeko eta programan parte hartzeagatik eskatutako beharrei erantzuteko oso jarrera ona. Aurrera egiteko duen motibazioa eta interesa Reincorpora programan parte hartzen dutenen jarreraren adibide ona dira”, zehaztu du.

Teknologia, distantziarako tresnarik onena

Kasu honetan, SIDÁLAVAko profesionalak erabiltzailearekin harremanetan jarri ziren, bere egoera ezagutzeko eta supermerkatuko lan-eskaintzari begira lehen kontaktua ezartzeko. “Lan egiteko guztiz prest zegoela eta, aurreko lan-aukeretan bezala, %100 emango zuela esan zigun”, esan du pozik Reincorporako teknikariak.

Bere jarrera ezagutu ondoren, Raquel, erakundearen Incorpora teknikaria, enpresarekin harremanetan jarri zen mezu elektroniko bitartez, bideratu nahi zuten hautagaiaren berri emateko. “Bideo-dei bitartez bi aldeak aurkeztea adostu genuen, horrela, kontaktua ahalik eta hurbilena izateko. Egun horretan bertan, elkarrizketa egin zen bideo-deiaren bitartez”, zehaztu du SIDÁLAVAko teknikak. Egun bakar batean, erabiltzailea supermerkatuan lanean hasi zen, langile-premia larriko une batean.

Enpresa arduratsuak COVID-19 garaietan

Nahiz eta krisi sanitarioak enpresa-sarearen etenaldi orokorra eragin, enpresa askok premiazko langileak behar izan dituzte funtsezko zerbitzuak betetzeko. Supermerkatuak, osasun-zentroak, garbiketa-zerbitzuak, adinekoen egoitzak... COVID-19ari aurre egiteko jarduerarekin jarraitu duten sektoreak dira, eta milaka pertsonaren laneratzea eragin dute.

Zehazki, eta pandemia gure herrialdera iritsi zenetik, 948 enpresak jarri dute konfiantza “la Caixa”-ren laneratze-programan, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden 1.627 pertsonaren laneratzea bultzatzeko.

Compartir:

linkedin